Gotzon Garate

Gotzon Garate berezia da elgoibartarrontzat; Elgoibarko euskaltzaleontzat bai behintzat. Hamaika urte zituela alde egin zuen Elgoibartik, baina guretzat Gotzon beti izan da elgoibartarra. Eta berak ere hala aitortu zuen behin baino gehiagotan. “Munduko lau hegaletan bizi izan naiz, baina niretzat ez dago munduan Elgoibar bezalako herririk”. 

Euskara

Gotzonek atari honetan sartzeko baino gauza gehiago egin zituen bizi izan zen bitartean, baina guretzat, batez ere, Gotzon euskaltzalea izan da. Berak esandakoa da “Jainkoarekin batera euskara izan da beti nire bizipoza”.

Horregatik egin zuen hainbeste lan, eta hain gustura, gure hizkuntzaren alde. Hamar hizkuntza inguru menderatzen zituen, baina euskaraz hartzen zuen arnasa.

 

2008

2008ko urriaren 8an agur esan zigunean, Gotzon ezin genuela ahaztu erabaki genuen Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak. Gotzonen euskaltasunari hauspoa ematen segi behar genuela adostu eta erabaki genuen.

Hala, 2009an, herri-omenaldi hunkigarria eskaini genion, eta oroitarria ere jarri genuen bere jaiotetxeko horman. Han geratu da, betiko, Elgoibarko herriaren esker ona.

Ordutik, urtero-urtero antolatu dugu Gotzonen oroimenezko zikloa udazkenean. Izan ere, Gotzonek agur esan zigun baina ez da gure artetik joan. Elgoibartarrok akorduan daukagu Gotzon, eta, batez ere, ez dugu ahazten Gotzonek gure hizkuntzaren alde egindakoa. Berak egindakoari segida emateko konpromisoa daukagu.

Bestalde, Udalak “Gotzon Garate ikerketa-beka” jarri zuen martxan 2009an, eta herriko udal liburutegiari izena aldatu eta “Gotzon Garate Udal Liburutegia” izendatzea erabaki zuen.

Egiten duguna egiten dugula, ez dugu Gotzonek merezi beste egingo, baina, gutxienez, gure herriagatik egin zuen guztia elgoibartarrok asko estimatzen dugula azalduko diogu.

Gotzon Garateri buruzko erakusketa
2009an egindako heri omenaldia

Herri omenaldia