Interneten ez dago dena

2019-10-28    iruzkin


Informatikaria da lanbidez Josu Landa, literatura du afizio eta kritiko agertu zen Euskara ala ezkara zikloan. ”Interneten dena dagoela esaten dugunean ez da egia. Prentsan agertzen diren kultur edukien %5 baino ez dugu eskuragarri Interneten, gozatzeko”. Azkeneko lau-bost urtean musikaren esparruan igarri du berak aldaketa handiena, baina argi du musika eskaintza handitu izanaren arrazoia ez dela horrenbeste autoekoizpenerako joera handitu izana edota salmenta-postu fisikoak itxi izana, baizik eta Interneteko plataforma batzuek diru pixka bat irabazteko aukera eskaini izana diskoetxeei eta artistei. “Askotan aipatu izan da kultura bermatzeko eta indartzeko kultur industriak behar zirela. Zenbat eta kultur industria indartsuagoak orduan eta aukera gehiago izango genuela Interneten, baina justu kontrakoa da”. Horregatik iruditzen zaio hain garrantzitsua dirua sortzaileei eta sortzaileengandik ahalik eta hurbilen dauden eragileei ematea. “Inbertsio horrek emaitza hobeak eta ugariagoak emango ditu Interneten”. Eta Susan lankide izan zuen Gorka Arresek iaz Euskara ala ezkara jardunaldian esandakoen haritik jo zuen Landak, sortzaileek bizi duten prekarietatea salatzeko.

Kritiko agertu zen oso dirulaguntzak banatzeko irizpideekin ere. Hiru oker egiten direla nabarmendu zuen. Batetik, euskara eta kultura “modu ez osasungarrian nahastea”: “Interneten kultur edukiak argitaratzeko dirulaguntzak Euskara sailek ematen dituzte eta ez Kultura sailek. Oker handia da hori”. Bestetik, dirulaguntzak proiektu berriak sustatzeko eta martxan jartzeko izaten direla, eta ez lehendik sortuta daudenak elikatzeko, eta ondorioz, diru horiei esker abiatutako proiektu asko bidean galtzen direla: “Eraginkortasun eskasez inbertitu da dirua hemen”. Eta azkenik, dirulaguntzak elkarte, erakunde eta enpresei zuzenduta daudela, eta ez sortzaileei.

Ondorioetara etorrita, hiru zehar-lerro azpimarratu zituen, kontuan hartzeko. Sortzaileen prekarietatea, genero arrakala eta multinazionalekiko dugun menpekotasuna. “Euskal kulturaren barruan eskandaluzkoa da sortzaileek bizi duten prekarietatea. Bada itxaropenerako leiho bat, hala ere: Lanartea.eus, euskara lantzen duten profesional autonomoen interesak eta eskubideak defendatzeko sortu den elkartea. Horiei egin behar diegu kasu. Eskandaluzkoa da, era berean, emakume sortzaileek bizi duten zapalkuntza eta gizonezkook ditugun pribilegioak. Euskal kultur sorkuntza publikoan gabiltzanon %90 gizonak gara. Eta hiru: sinistuta geunden Internet plataforma perfektua zela deszentralizaziorako, baina ez. Hori da hartu dudan zaputzik handiena”.