Izatea, nortasuna

2018-10-08    iruzkin


“Kultura eta hizkuntza dira euskaldunoi izateko motiboa ematen digutenak”. Kulturgileek behin eta berriz azpimarratuko zuten ideiarekin hasi zuen Gotzon Barandiaranek bere tartea Euskara ala ezkara zikloan. Eta “asko sortzen dugu eta kalitate itzelezkoa” esanez eskertu zuen euskal sortzaileen ahalegina. Bainak ere aipatu zituen, hala ere. Batetik, euskaraz asko eta ona sortu arren, euskaldun askok nahiago dutela erdarazkoa, eta bestetik, kultura eta hizkuntza izan arren euskaldunok aparteko egiten gaituztenak, “aisialdi, luxu edo garai onetarako zerbait bezala” ikusten dugula sarri kultura. “Kultur krisia ez da azken hamarkadetan bizi izan dugun krisi ekonomikoak baino txikiagoa, eta herri gisa dugun etorkizuna dago jokoan”, ohartarazi zuen.

Euskal kulturaren arazoa “estrukturala” dela esan zuen, eta egoera horri aurre egiteko modu bakarra euskal kulturaren ekosistema osatzen duten eragileen arteko auzolana, elkarlana eta sinergia direla zehaztu. “Gaixo” ikusten du kulturaren ekosistema eta “katarro” horren eragile nagusienetakoa erakunde publikoak gobernatzen dituzten alderdi politikoen eta kulturgintzaren ekosistemako gainontzeko eragileen arteko “harreman gatazkatsua” dela uste du. Gatazkatsua, hein handi batean, alderdi politikoek hartu dutelako gidaritza, sarri kulturaren ekosisteman beste eragile bat gehiago direla ahaztuta. “Eskumen sano garrantzitsuak dituzten eragileak dira politikoki, ekonomikoki eta juridikoki, zalantza barik, baina beste eragile bat dira eta ezin dute inork aitortu ez dien gidaritza hartu, ezpada kultur ekosistema osatzen dugun gainontzeko eragileok gidaritza aitortzen diegulako”.“Eragile guztiei” batzeko deia egin zien Barandiaranek, euskal kulturarentzat estrategikoa zer den proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko. “Artikulatu gaitezen. Batzuetan auzolanean, bestetan elkarlanean, sinergian beti”. Bere esanetan, euskararen herria hiru administraziotan zatituta egotea da euskal kultura normalizatzeko dugun “oztopo gaindigaitzetako bat”, eta biziraupenerako ezinbestekoa ikusten du estatu ikuspegiarekin jokatzea. “Kultura ere politika delako, politika kulturgintzarako baliatu behar dugu, ez etekin politikoetarako”.

Kulturgintzak dituen premia larrienak ere zerrendatu zituen. Premia handiena, hauxe: zaleak sortzea. “Gure arazoa euskaldunak euren kulturara ekartzea da”. Barandiaranen ustetan, sortzaileak izango diren zaleak behar ditu euskal kulturgintzak, amateurrak nahiz profesionalak, herri ekimenetan nahiz erakunde publikoetan arituko direnak. “Kulturgintzaren industriari emanak biziko diren profesionalak” bihurtuko diren zaleak behar ditu eta euren inguruan transmisioa bermatuko duten zaleak. Transmisioa. Sortutakoa ikusgarri egitea. Horra gerora sarri entzungo genuen beste premia bat; horra erronka bi.

‘Euskara ala ezkara’ webgunea

Hain zuzen ere, bi erronka nagusi horiei erantzuten die Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak sortu berri duten www.euskaraalaezkara.eus webgune honek. Digitalidadea enpresak sortu du webgunea, enkarguz, eta ataria garatu duen enpresako teknikari da Gotzon Barandiaran bera. Haren esanetan, Internet da gaur kulturgintzaren sozializazioan paradigma aldaketa erabatekoa dakarrena, eta horregatik, sortutako kultur ondarea bildu, antolatu eta eskuragarri jartzeko egindako ahalegina eskertu zien atariaren sustatzaileei.Webgune horretan Euskara ala ezkara zikloak hamar urtean eman duena jaso dute eta baita Gotzon Garateri buruzko informazioa ere. Idatzizko zein ikus-entzunezko edukiak jaso dituzte, eta ataria bera edozein herritarrek erraz erabiltzeko moduan sortu dute.