Kultura, gazteen begietatik

2018-10-08    iruzkin


Gazteak eta sortzaileak dira Edurne Azkarate, Peru Iparragirre eta Paul Beitia; gazteak, sortzaileak eta euskaltzaleak, eta ezaugarritzat dituzten hiru gai horien inguruan jardun ziren Elgoibarren Euskara ala ezkara zikloan, Itziar Ugarte kazetariak jarritako puntuei erantzunez. Gazteen ohiturez, kultur-kontsumoaz, ezinez eta ilusioez galdetu zien Ugartek eta nork beretik erantzun zioten, gazteak eta sortzaileak izanda ere, errealitate ezberdinetatik gerturatu direlako euskal kulturaren mundura. Iparragirre eta Beitia zarauztarrak dira eta “modu naturalean” gerturatu dira euskal kulturara. Inguru euskaldunean hazitakoak dira, euskarazko erreferentziak ume-umetatik jaso dituzte eta aitortu zuten hizkuntza eta kultura eskutik ulertu dituztela beti, horren kontzientzia gerora hartu badute ere. “Dena egin dut euskaraz, eta burbuila batean bizi izan naiz. Kostatu zait ulertzea Euskal Herrian bertan ere badela euskarazkoa ez den mundua. Ez dut sentitu euskara ez den beste hizkuntza batean sortzeko beharrik”, esan zuen Beitiak. Euskaraz egitea ez da hautu kontzientea izan bere kasuan, baina berezkoa ere ez dela izan gogorarazi zion Iparragirre lagunak. “Hautu hori geuk egin ez badugu ere, beste batzuek egin dute gugatik. Etxeko hizkuntza-hautuek markatu gaituzte gu, eta ez dugu beste aukerarik ikusi. Haurtzaroko erreferentzia-kate horri lotuta egon gara eta berandura arte ez gara konturatu euskaraz egiteko hautua kontzienteki hartutakoa dela edo izan behar duela. Horixe nabarmendu beharko genuke, ezer baino lehen”. Eta hori da Azkarateren kasua. 25 urte ditu Azkaratek, sortzez Oiongoa da eta Valladoliden egin zituen antzerki ikasketak. “Hegoaldeko periferiako antzezle emakumezko kaukasiarra naiz, nire indargune eta ahultasunekin. Nire kasuan, naturalagoa litzaidake erdarara jotzea, baina euskaraz sortzeko hautua egin nuen; hautu kontzientea”. Gaur Donostian bizi da, “nazkatuta” zegoelako euskalgintza eta kulturgintza periferiko hori bizi osoan borrokatzat bizitzera.

Borroka etengabea. Bai, argi dute bizi dugun kultur diglosian euskaraz sortzea ez dela debalde ateratzen. “Hizkuntza nagusian errazago topatuko ditu sortzaileak sortu duena erakusteko eta zabaltzeko plataformak; euskaraz ari denak beti izango du zailagoa aliantzak topatzeko eta plataformak aurkitzeko”. Hizkuntza diglosiak kultur diglosia dakarrela argi dute, eta ezinbesteko ikusten dute horren inguruko gogoetari heltzea; kultur diglosiaren gaia erdigunera ekartzea. “Sortzaileei iritsi behar zaie diskurtso hori, baina ez da karga guztia sortzaileengan jarri behar”, aipatu zuten euskara ez den hizkuntzetan sortzen dutenekin duten harremanaz galdetutakoan. “Instituzioen egin beharra ere bada”, nabarmendu zuen Azkaratek. Ardura handiagoz jokatzeko eskatu –are, exijitu- zieten instituzioei, gaur euskal kulturaz zabaltzen dena bera ere “hutsala” delako. “Sukaldaritza eta turismoa kulturari lekua jaten ari zaizkio”, ohartarazi zuen Iparragirrek. Eta kezkatzen ditu horrek, jakina. Kultura ulertzeko modu berri horretaz eta euskal kulturatzat hedabide nagusiek saltzen dutena aztertu beharraz jardun ziren. Baita, horri lotuta, gazteen ohiturez eta kultur kontsumoaz ere. Elkarrek eta Siadecok egindako ikerketako datuak ekarri zituen eztabaida-mahaira Itziar Ugarte dinamizatzaileak eta datuok inguruan ikusten zutenarekin ezkontzen ote ziren galdetu zien. Beitiak aitortu zuen aztoratu egin zutela emaitzok . “Gogorra egin zitzaidan datutan ikustea egoera zein larria den. Zaplazteko ederra hartu nuen”, esan zuen. Eta bat etorri ziren mahaikideak. “Zenbakitan ikustea gogorra da. Zenbakiak sekula ez dira euskalduntasunaren oso lagun. Kulturgintzako langile izanda, arduratzen nau ikusteak zein jende gutxirengana iristen garen”, gehitu zuen Azkaratek.

Beitiak garbi dauka: “Euskararen egoeraren kontziente diren gazteek kontsumitzen dute euskal kultura, baina gehiengoak emandakoa jaten du. Hedabide nagusienek erakusten duten kultur moldea kontsumitzen dute gazteek; EITBk edo Gazteak ematen duten musika entzuten dute”. Euskarazko erreferentziak falta direla uste dute. “Bila dabilenak topatzen ditu, baina bila irtenda”, zehaztu du Iparragirrek. Eta transmisioan ere hutsuneak nabari dituzte. Ereduak jaso arren, zalantza dute tranmisio hori egin den modua egokiena ote den. Beitiaren da gogoeta: “Gure antzera umetatik dena euskaraz egin duten askori arrotza egiten zaie liburuak euskaraz irakurtzea edo euskarazko filmak ikustea. Erosoago egiten zaie gaztelaniazko produktuak kontsumitzea. Eredu informalean ere euskaraz sozializatu garenok ere badugu arazo hori eta hein batean bada erreferentzia gehienak erdarazkoak izan ditugulako. Hor sekulako erronka daukagu”. Transmisio moduan hutsuneak nabaritu ditu Iparragirrek ere, baina hartzaileak ere erantzukizunik baduela uste du. “Zubiren bat falta da bai, baina beharbada gure erantzukizuna ere bada zubi hori eraikitzea”.

Kultur kontsumoaren inguruko datu etsigarri horiek erakusten duten mapa handi horri lar erreparatu barik ari dira, baina, egunerokoan sortzaile gazteak. “Egitura edo azpiegitura falta sumatzen dugu geuk ere, baina gure aurrekoen hastapenak ere ez ziren errazak izango. Kultura baztertuta daukagu eta prekarietate hori denok sufritzen dugu. Gure arokoei esaten zaiguna da plataforma topatzen ez badugu geuk sortu ez dugulako dela. Orain modu horretan saltzen zaigu prekarietatea ere”, esan zuen Azkaratek. Argi dute sortzaileek jarraituko dutela sortzen, aurrekoengandik jasotakoa eraldatzen, baina sortzaileek alboan beste zerbait ere behar dutela ohartarazi zuten. “Laguntza handiagoak exijitu behar ditugu, kulturak egiten duelako herria”. “Zenbat kobratzen du idazle gazte batek? Eta kendu “gazte” nahi baduzu. Hiru hilerako lana izango dut? Prekarietatean bizitzea ez da erraza. Ez delako hastapenetako kontua. Kulturgileen prekarietatea bizi osorakoa da gaur”, zehaztu du Beitiak. Hala ere, ilusioz egiten dute egiten dutena eta egiten dutena zabaltzeko eta plazaratzeko erreminta batzuk ere ikusten dituzte, lehen ez zeudenak, Internet kasurako. “Ez dakit ondo erabiltzen dugun, baina aukera hori badaukagu”.