Kulturgintza, gugintza

2018-10-08    iruzkin


Autore eta pentsalari askoren aipuak baliatuta, kultura, kulturgintza eta gugintzaren gaineko ideiak lotu eta galdera pertinente ugari egin zituen Lorea Agirrek Euskara ala ezkara zikloan, oinarri-oinarrizkoenetatik hasita. Kulturarik gabeko herririk ez dagoela esanez hasi zuen hizketaldia, edo nahiago bada, kulturarik gabe herririk ez dagoela azpimarratuz, baina salatu zuen kulturari balio gorena aitortuta ere, praktikan, elementu dekoratibo gisa erabiltzen dela, balio materialen azpian jartzen delako. “Lehenengo jatea, janztea, etxea izatea, bizi-kalitate ona izatea jartzen ditugu, kultura eta hizkuntza gero etorriko direla esanda, baina gero sekula ez datoz. ‘Kulturaren alde denok gaude, baina krisi garaian non jarri behar dugu dirua?’ galdetzen digute dirua kudeatzen dutenek”. Zalantzarik ez du berak: “Krisi garaian, inoiz baino gehiago, kulturan jarri behar da dirua”.

Zer da, baina, euskal kultura? Joxe Azurmendi eta Josu Amezaga pentsalarien berbak bere eginez, Agirrek dio euskara dela euskal kulturaren sistema-adierazle nagusia eta kulturgintzak baino ez duela batuko gaur “atomizaturik” dagoen euskal nazioa. Bestera esanda, euskaraz egiten dugun dena dela euskal kultura, “egunero bizitzeko balio digun hori dena”, eta herrigintza edo naziogintzarako dugun bitarteko bakarra dela. Beste kontu bat da, baina, bere esanetan, gure artean bizi diren ele bakarrei edo kanpotik hona bisitan datozenei euskal kulturaz esaten dieguna: “Turismo bulegoetan, euskal kultura gastronomia da; paisaje naturalak dira, normalean belaze berdeak eta itsaso urdina gainera; hiria da, Guggenheim da, herri-kirolak dira. Kanpora zabaltzen dugun euskal kultura hizkuntzarik gabeko kultura da, gero eta gehiago”.

Asmatua, askotarikoa eta ideologikoa

Euskal kultura geuk sortua da, “asmatutakoa”, eta ez da berez esentzialista, betierekoa, baina Agirrek dio esentzial bihurtu behar dugula, “bizi irauteko borrokan gaudenok” esentzialismoak behar ditugulako. Jakina, asmatua den heinean, aldakorra da euskal kultura, eta anitza ere bada eta izan behar du, gainera. Askotarikoa da, “gaur eta hemen, euskal kulturak baino ez duelako bermatzen beste hizkuntza eta kulturen aniztasuna”, eta askotarikoa, “lokaztua, nahastua eta kutsatua”, izan behar du, hemen bizi garen guztiok, edo bederen, nahi dugun guztiok kabitu behar dugulako bertan. “Ezin da Goierritik bakarrik ulertu; Barakaldotik ere ulertu behar da”.

Gehiago ere bada, baina, euskal kultura. Euskal kultura ideologikoa da eta euskarekiko konpromisoarekin eta engaiamenduarekin du zerikusia ezinbestean, beste kultura batzuetan ez bezala, gurean gure buruaren erreproduzioa eta zabalkunde etengabekoa ez dagoelako bermatua; azken batean, “gurea beti dagoelako zalantzan”. Engaiamendu hori kontzientea ala inkontzientea izan daitekeela dio horren harira, baina edozelan ere, euskal kulturan egiten den guztiak daukala konpromiso hori. “Kultura eta hizkuntzaren loturak ideologikoa izan behar du beraz; bestela gureak egin du. Edo bestela, hegemonia lortu behar dugu, eta lasai bizi”.

Diglosia kulturala ekosistemaren parte dela dio eta ezin dugula euskal kulturaren azterketa bat egin inguruko hizkuntzetako beste kulturak aztertu gabe eta horiekiko harremanak kontuan hartu gabe. “Emakumeen eskubideez hitz egiten dugunean, edo hitz egiteko ere, gizonen pribilegioez hitz egin behar da. Bada, gauza bera da. Hitz egin behar da desberdinkeriaren arrazoiez eta egiturez”.

Minorizatua da gure kultura, baina ertzekoa izateak bere alde ilunak eta onak ditu. “Leku paradoxikoa da minorizatuarena”. Batetik, ajeak ekartzen dituelako: “Hizkuntza minorizatua izanda, kultura minorizatua sortzen dugu, tranmisio-sormen naturalik apenas dagoen, periferian lekua hartu ezinda gabiltza, zentralitatera ezin iritsita… “. Horren harira ohartarazi du munduko hizkuntza guztiek ibiltzen zituzten lau urratsak (ezagutza, erabilera, nortasuna eta lurraldea) osagarri izan direla orain arte, baina orain, elkarrengandik aldentzen ari direla eta horrek kultura estrategia bat garatzea eskatzen duela, herri gisa iraungo bada: “Gaur arte pentsatzen genuen euskara ikasiz gero, erabiliko genuela, eta erabiliz gero, izate bat emango zigula eta nor izate hori talde bati edo lurralde bati lotua zegoela beti. Baina, orain, aldatzen ari da hori. Gizarte globalizatu honen ajea da”. Bestetik, baina, periferikoa izateak abantailak ere baditu, besteak beste “begirada kritiko bakarra” periferian dagoelako eta horrexegatik “ahalduntzeko eta eraldatzeko leku bakarra” periferia delako. “Euskaraz egiteak baditu bestelako inplikazioak, kultura hegemonikoak ez dituenak: galga bat globalizazioari, globalizazio uniforme eta uniformatzaile horri aniztasuna ekartzea, hegemoniari oxigenoa ekartzea”

Autodeterminazioa edo asimilazioa

Ez gara buruaski ekonomikoki, baina aldiz, kulturalki buruaskitasunez jokatzea, nazio bat bezala jokatzea, posible ikusten du. “Aspaldian egiten da”. Eta hori, sortzaileek aspaldian egiten duten hori, babesteko eskatu die erakundeei, sinisteko sortzaileengan eta sortzeko kulturarentzat estatu ituna bat. “Kultur sormenezko edozer argitaratzen denean, ezin dut esker ona besterik sentitu hori sortu duenarekiko. Eskuzabaltasun ariketa ikaragarria da. Hor sartutako orduak eta guri emandako lan hori nola ordaintzen diegu, baina? Uste dut ez dela pagatzen”.

Plazan jartzea

Plazaz eta plazan jarri beharraz ere luze aritu zen. Transmititzen ez dena ez dela kultura azpimarratu du, eta esan du horixe duela hain zuzen ere gabezi handienetako bat gure kulturak: sortu bai, baina ikusgarri jarri ezina. “Transmisioa ez delako bakarrik eskolan euskara eta literatura ikasgaia ematea eta ezta ere, ziurrenik, ematen den moduan ematea. Sortzeko grina sortzea da transmisioa”, dio. Plazaren neurriaz hitz egiteko, Siadecok egindako ikerketaren emaitzak baliatu ditu, “argigarriak, baina ez lasaigarriak”. Bi nabarmendu ditu: euskarazko liburuak eta musika kontsumitzen dugunon multzoa 190.000 lagunek osatzen dute. Hau da, 16 urtetik gorako euskaldunen %25ak. Eta horietatik merkatuari fidelen eusten diotenak 40.000 dira (euskaldunen %5a). “Beraz, gutxiegi gara, baina asko dugu irabazteko. Asko egin dugu, baina ez da aski. Egiten dugun urrats bakoitzak urrea balio du geure buruaren izatea, izan nahi duguna, ziurtatzen duelako. Kulturarik gabe ez dago herririk”.

Ondorioa garbia da:

Diglosia kulturala ekosistemaren parte da eta ezin dugu euskal kulturaren azterketa bat egin inguruko hizkuntzetako beste kulturak aztertu gabe eta horiekiko harremanak kontuan hartu gabe. Argi dago diglosia linguistikoak kulturala dakarrela eta eskutik egin behar dutela bidea: kulturaren arazoak euskarenak dira, eta ez alderantziz. Beraz, gutxiegi gara, baina asko dugu irabazteko. Asko egin dugu, baina ez da aski. Egiten dugun urrats bakoitzak urrea balio du geure buruaren izatea, izan nahi duguna, ziurtatzen duelako. Kulturarik gabe ez dago herririk.