Emozionatzea eta kulturzaletzea

2019-10-29    iruzkin


Inork baino hobeto daki Gabi de la Mazak euskalduntzeko zein garrantzitsua den emozionatzea eta kulturzaletzea. 37 urtean irakasle jardun zen, eta beti erabili zuen musika ikasleak euskara erabiltzera motibatzeko eta euskararekiko sentsazio positiboak sortzeko.

Euskal Girotze Barnetegietan jaio zen gerora Txantxangorria proiektua izango zena. B ereduko nerabeak eskolaz kanpo modu informalean euskarara gerturatzeko sortu zituen Euskal Girotze Barnetegiak Hezkuntza Sailak, eta astebeterako joaten zen haietara Gabi de la Maza ikasleekin. Euskal Musika jartzen zien ikasleei. Lehenengo binilo, CD eta DVDetan ipintzen zizkien kantuak, eta 2004. urtean, barnetegietara ordenagailuak eta proiektatzeko lehen kainoiak heldu zitzaizkienean, karaokeak sortzen hasi zen. Ikasle talde batek animatu zuen bideo bat Youtubera igotzera, eta 2008ko uztailean Sorotan Beleren Arratsalde honetan igo zuen. Esker oneko mezu ugari jaso zituen bueltan, bai eta bideo gehiago igotzeko hainbat eskaera ere, eta errutina bihurtu zitzaion sarera bideoak igotzea. Gaur, 2.600 bideo baino gehiago dauzka eta 60.000 harpidedun baino gehiago bere bi kanaletan.