Kirola eta hizkuntza, herri-nortasun bizi baterako oinarriak

2022-09-29    iruzkin


Zein da Elgoibarren kirolak duen dimentsioa eta eragina? Zergatik da garrantzitsua kirola euskaraz egitea? Kirola ere herrigintza al da? Zer ematen dio kirolak Elgoibarren ongizateari eta herrigintzari oro har?. Galdera horiei eta antzeko beste batzuei erantzun zieten  irailaren 3an, Elgoibarren, Gotzon Garate euskaltzalearen omenez antolatutako Euskara ala ezkara kirolean? jardunaldira batu ziren hizkuntzalari eta kirol munduko teknikariek. Elgoibarko Izarrak eta Udaleko Euskara eta Kirola sailek antolatu zuten jardunaldia, IMHren eta DanobatGroupen laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Eta 80 bat lagun elkartu ziren IMHn, kirola eta euskara binomioaz gogoeta egiteko.

Kirola eta euskara uztarri berean batzeko ahalegina izan zen. Ane Beitia alkateak, Iñaki Konde Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneko presidenteak eta Estibalitz Alkorta Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak egin zituzten atariko aurkezpenak, eta lau hitzaldi, bi esperientzia eta mahai-inguru bat izan zituzten bertaratutakoek entzuteko eta hausnartzeko. Kirola eta euskara kohesio sozial sendo eta herri nortasun bizi baterako oinarri egokiak direla dioen premisatik jardun ziren guztiak, antolatzaileek formulatutako galdera asko eta askotarikoei erantzunez. Hona hemen jardunaldiaren laburpen-bideoa.