Periferietatik antzokietara

2018-10-08    iruzkin


Paperak trukatu zituzten Ander Lipus antzerkilariak eta Oier Guillan kazetariak, eta Guillanek idatzitako liburutik hartutako aipamen bati tiraka galdera egin zion Lipusek kazetari lagunari Euskara ala ezkara zikloan. 2008ko aipamena da Lipusek aukeratutakoa, Guillanek Lipusek berak zuzendutako Aulki hutsak antzezlana ikusi ondorenean idatzitakoa. Guillanek zioen euskal teatroa ikusi izan zuen sentsazioa izan zuela estreinakoz Aulki hutsa ikustean. Eta ezin galdetu gabe gelditu Lipus: “Zer da euskal teatroa zuretzat?”. Guillanek erantzun zion izugarri bete zuela antzezlan hark; ordura artekoen aldean ezberdina egin zitzaiola. Ez zuela euskarara ekarritako obra ikusi, baizik eta euskaraz sortutakoa. “Ordura arteko gehienetan erderazko testu baten itzulpena intepretatzen zuten antzezleek. Le Petit Théâtre de Pain taldearen sorkuntza hartan testuak Sarrionandiarenak ziren; euskara beste leku batetik irteten zen, nabari zen ekoizpen prozesua euskaraz egin zela. Garai hartan hasi ginen sentitzen euskaraz lan egiteak beste zerbait eskatzen zuela”.

Zorionez, baina, gauzak aldatzen ari direla ikusten dute batak zein besteak. Azken batean, gaur estreinatzen diren gero eta lan gehiago daudela euskaraz sentitzeko pentsatuta. Hau da, gero eta gehiagotan izaten dela sortze prozesua euskaraz. Eta ez dute uste kasualitatea denik. Sortze prozesuan erabiltzen den hizkuntzak azken emaitzan eragin zuzena duela uste dute. “Garrantzitsua da zein hizkuntzatan ari garen aktore lagunekin, teknikariekin eta abarrekin. Sortze prozesuetan jende bat elkartzen da, amets bat edo utopia bat negoziatzeko eta hori gauzatzeko estrategiak adosteko. Prozesu politikoa da hori guztiz. Obra hori estreinatzera iristen denean, publikoak aise sumatzen du euskaraz sortua dela eta beste modu batean engantxatzen da antzezlanarekin”, arrazoitu zuen Guillanek. Eskertu zizkion berbok Lipusek, eta eskertu zion, baita ere, antzerkiaz idazteko egindako ahalegina. “Antzerkiaz ezer ez dago idatzita, eta orain hasi da hemen aldeko haize bat”. Bere ibilbidearen errepasoa egin zuen gero.

Bere kasuan, antzerkia euskaraz egitea oso hautu kontzientea izan zela esan zuen. Markinarra da sortzez Lipus, baina antzerkia ikastera Madrilera joan zen gazteagotan, bere sorterrian antzerkia egitea “marikoien edo drogazaleen kontua zela uste zenean”: “Antzerkiak ez zuen babesik, eta gaur ere ez du, hein handi batean. Antton Lukuk askotan esaten du etxean bazkaloste batean gaztea bertsotan entzuten dugunean, harrotasunez begiratzen diogula, baina ikusten dugunean imintzioka, pailazotzat hartzen dugula. Euskal kultura hegemonikoan antzerkia bazter-bazterreko disziplinatzat daukagu”. Madrilera jo zuen antzerkia ikastera Lipusek, naturalena horixe zelako, eta jardun zen gaztelaniaz lanean, bestela ezin zitekeen moduan. Handik Bilbora bueltan, elebitan hasi zen lanean, baina sorterrira arrimatu zenean, Aulestira alegia, kontzientzia “esnatu” zitzaion. “Eta hasi nintzen euskaraz bakarrik egiten eta hasi nuen borroka etengabea, euskaraz egin nahi duenak ez duelako beste aukerarik”. Gaur egun, antzerkia euskara hutsean egiten du Lipusek. “Erabaki kontzientea eta politikoa da”. Barkoxetik Balmasedara eta Ondarrutik Tuterara ulertuko den antzerkia egiten duela dio, komunitate jakin batentzat sortutakoa. “Lehen, obsesionatuta nengoen unibertsala izatearekin, baina orain kritikoa naiz horrekin, oso kontzeptu kolonialista eta frantsesa irizten diodalako. Unibertsala dena beti da hegemonikoa eta ez nator bat”. Eugenio Barbak La canoa de papel liburuan idatzitakoarekin biribildu zuen ideia: “Pertsona edo herri bati bere hizkuntza mozten diotenean, emozioen jokalmodeen zerbaitez gabetzen dute: hizketaren eta kantuaren bidez adierazten den zerbaitez. Nik sentitzen dut hori moztua izan zaigula eta horren borrokan ari naiz”.

Sustrai euskaldunak izan ez arren, euskaraz lan egiteko hautua oso presente izan du Guillanek ere bere lanean, aitortu duenez. Eta sentimendua zenbaterainokoa duen azaltzeko Jose Luis Otamendiren poema bat irakurri zuen: “Bizi naiteke beste hizkuntza batean eta hala bizi naiz ehuneko esanguratsuan. Baina nik euskara bizi nahi dut, portzentaje handiagoan hala nahi badut, eta portzentaje txikiagoan, gogoak ematen badit. Ez hobea izango naizelako, ez inoren ongaitzak osatuko direlako horrekin, baizik eta nazio puska txiki bat naizelako eta ni naizen nazio zatitxoa izateko ehuneko hainbesteko batean euskaraz bizi nahi dudala deliberatu dudalako. Horren derrigorrik ez dudalako naiz euskalduna. Bakarrean ezer gutxi den euskalduna naiz, bakarrean ezer gutxi den pertsona da ni, eta hitzek beti naramate norbaitengana”.

Euskara bada modernoa ere

Teatro postdramatikoaz eta euskarak saiakera modernoagoekin ezkontzeko duen aukerez eta horren inguruan sortutako aurreiritziez ere jardun ziren, luze eta zabal. Musikaz gogoeta egiteko tartean, Barrosok haizatutako ideia bat bildu zuten gogoetarako, antzerkiaren prismatik ikusita. “Ematen du gauza esperimentalak ezin direla euskaraz egin. Edo esperimentazioa oso loturik dagoela erdarari”. Kulturako alor guztietan errepikatzen den kontua dela uste du Lipusek: “Guk planteatzen dugunean gure lanetan narratiba guztiz apurtzea, planteatzen dugunean beste kode bat, erreferentzia guztiak erdarazkoak izaten dira eta ahalegintzen garenean Bilbo batean zerbait berria egiten, jendeak arraro begiratzen gaitu, euskarak lekurik ez balu moduan gauza modernoagoetan edo esperimentalagoetan”. Aitortu zuen inguru berriagoetan lekua egitea “ezerosoa eta mingarria” ere badela batzuetan, baina, era berean, hor lekua egiteari irizten dio interesgarri. Masajistak lepoko minez doanari sartzen dizkion orratzek eragiten duten arinduarekin alderatu zuen berak gauza esperimentalekin saiatu denean sentitu duena. “Alde eszenikoen alorrean nik hor sentitzen dut mina eta askatasuna. Gauza berriak egiteak motibatzen nau, eta izugarri erakartzen nau jendea deseroso ikusteak. Suizidioa ere gerta daiteke, oso gutxi saltzen delako eta sarri geure gertukoek ere ez dutelako ulertzen egiten ari garena, baina horrek motibatzen nau”.

Horren harira esan zuen euskararen inguruan aurreiritzi asko daudela eta horiei kontra egin behar zaiela. Esate baterako, euskaraz egitea sarri amateurtasunarekin lotu izan dela esan zuen, dela hizkuntza hautuagatik edo dela publiko eskasiagatik. “No os vamos a programar en Barakaldo porque no va ir nadie’, entzuten diogu programatzaileei. Jakina ba, nor joango da programatzen ez bagaituzte?”. Espazioak hartzea ezinbesteko ikusten du horren harira Guillanek, baina argitu zuen espazioa hartzea ez dela antzezlan baterako Arriaga astelehen edo asteazkenetan hartzea. “Hartu behar dugu Arriaga baita asteburuetan ere, eta hartu behar dugu Baionako Eszena Nazionala, azpititulurik gabe emateko obra bat. Gaur, euskal teatroa periferian dagoela uste dute, eta ordua dela zentralitatea hartzeko. Horretarako, baina, eta lagunak behar dituzte. “Imaginatzen duzue futbol talde bat futbol zelaitik kanpora entrenatzen? Bada, antzerkian hori gertatzen da: ez gaude zentroan. Periferian gaude, ez gaude antzokietan. Ez dago antzerki tailerrik ere, eta hori gabe nola sortuko dugu ba zaletasuna?”, gehitu zuen Lipusek.